BiscayTIK Fundazioa - Bizkaiko Foru Aldundia aplikazio mugikorrik onenen bila dabil, BiscayAPP lehiaketaren bidez

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

BiscayTIK fundazioaren, BEAZen eta Seed Capitalen laguntzarekin, Foru Erakundeak aplikaziorik onenak sarituko ditu, lurraldearentzat estrategiko diren lau kategoriaren arabera: ile urdindunen ekonomia, data intelligencea, energia eta manufaktura aurreratua. Lau kategoria horietako bakoitzean irabazle ateratzen diren aplikazioek 2.000 euroko saria jasoko dute. Horrez gainera, sari berezi bat izango da, BiscayAPP saria, aurkeztu diren aplikazio guzti-guztien arteko onena sarituko duena. Irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, bai eta proiektua Bizkaian inkubatzeko laguntza ere.

Bizkaiko Foru Aldundiak BiscayAPP lehiaketa aurkeztu du, gaur goizean, aplikazio mugikor onenak bilatzeko. Lehiaketa lurraldearentzat estrategikoak diren lau kategoriatan antolatu da: ile urdindunen ekonomia, data intelligencea, energia eta manufaktura aurreratua. Lehiaketaren bigarren edizioa da, eta, aurten, BiscayTIK, BEAZ eta Seed Capital foru-entitate publikoek ere parte hartzen dute; hain zuzen ere, haietako bakoitzak bere ezagutzak, esperientziak eta baliabideak jarri ditu, lehiaketari balio handiagoa eman nahian.

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak adierazi duenez, lehen edizioa 2014an hasi zen prestatzen, BiscayTIK fundazioaren eskutik, eta urtez urte haziz eta aberastuz joan da jasotzen dituen laguntzei esker. Lau kategoria horietako bakoitzean irabazle ateratzen diren aplikazioek 2.000 euroko saria jasoko dute. Baina berritasun aipagarrienetako bat sari berezia izango da, BiscayAPP saria, aurkeztu diren aplikazio guzti-guztien arteko onena sarituko duena. Irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, eta BEAZen, Seed Capitalen eta BiscayTIK fundazioaren laguntza izango du proiektua Bizkaian inkubatzeko.

«Aplikaziorik onena errealitate bihurtu ahal izatea nahi dugu eta BiscayAPP lehiaketaren bidez Aldundiaren finantzaketa jasotzen duten ideia onak hemen gure lurraldean gauzatu ahal izatea; gure helburua baita enpresa-sare berritzailea sustatzea eta ekimen berritzaileak Bizkaira erakartzea. Eta ekimen horiek, talentu hori, Bizkaian geratu dadin nahi dugu. Horixe da BiscayAPP lehiaketaren bigarren edizio honen espiritua», Ibone Bengoetxearen hitzetan.

Irizpideak eta kategoriak

Aplikazio irabazleak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: diseinua, erabilgarritasuna, erabiltzailearen esperientzia, funtzionalitateak, bideragarritasun ekonomikoa eta soziala, merkaturatzeko aukerak, antzeko produktu batzuekiko berritasun-gradua, proposamenaren izaera berritzailea eta enpresa berriaren hazkunde-potentziala.

Bestalde, edizio honen kategoriek Bizkaiarentzat estrategiko diren sektoreei erantzuten diete:
Ile urdindunen ekonomia. Gizarteak dituen erronkei erantzuten dieten aplikazioei zuzenduta dago kategoria hau eta, bereziki, silver economyari edo ile urdinduen ekonomiari lotutakoei. Adinekoen sektoretik sortzen diren aukerak aprobetxatu nahi ditu.
Data Intelligencea.  Etorkizunerako joera gisa garrantzi handia hartzen ari den eremu bat da. Datuek eskain ditzaketen balioari eta informazioari etekina ateratzen ikastea da kontua. Joera berri horri etekina ateratzea lortzen duten ekimenak sarituko dira kategoria honetan, negozio-aukera eta -eredu berriak sortzeko balio dutenak.
Energia. Eremu honek etengabeko bilakaera du; izan ere, hainbat joera sortu dira —esaterako, berriztagarriak erabiltzea, iraunkortasunari lotutako dinamikak edo arauketan egindako aldaketak—, eta, horregatik, aukera ugari dago, kategoria honetan landu eta saritu nahi direnak.
Manufaktura aurreratua. Industria 4.0 kontzeptuari lotuta dago, zeina dagoeneko eraldaketa eragiten ari den automobilgintza eta industria aeroespaziala edo mekanikoa bezalako industriak biltzen dituen produkzio-sektoreen arloan.

Bizkaia munduari lotuta

Hautagaitzak ikasturtean zehar aurkeztu ahal izango dira, hau da, 2017ko urriaren 2tik 2018ko ekainaren 30era arte. Bengoetxeak baieztatu duenez, nahiz eta lehiaketa ez den soilik unibertsitateko ikasleentzat, talde horrek interes potentziala izan dezake parte hartzeko. Foru-diputatuak adierazi du nazioarteko bokazioa dela BiscayAPP lehiaketaren edizio honetako beste berritasun bat eta, hori dela-eta, hedapen-lan handia egingo dutela mundu osoko ingurune profesionaletan zein akademikoetan.

2018ko irailean, hautatutako proiektuen berri emango da, eta, 2018ko urrian —BiscayTIK fundazioak bere hamargarren urteurrena beteko du hil horretan— erabakiko da zer aplikaziori emango zaien saria.

BiscayAPP lehiaketaren lehenengo edizioak oso harrera ona jaso zuen: ehundik gora aplikazio aurkeztu ziren eta maila oso handiko proiektuak zituzten atzean, Bizkaikoak gehienak. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak espero du lehenengo edizio horren zifrak errepikatzea.

Informazio gehiago lortzeko: http://app.biscaytik.eu/

 

 

Bideoak

Audioa

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA