BiscayTIK Fundazioa - Portugaleteko Udalak webgunea berritu du, eta Portugalete Zabaltzen plataforma estreinatu du

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Portugaleteko Udalak webgune berria eta gobernu irekiko Portugalete Zabaltzen plataforma aurkeztu ditu; tresna biak BiscayTIK Fundazioaren laguntzarekin egin dira.

Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu eta BiscayTIK Fundazioaren presidenteak, eta Mikel Torresek, Portugaleteko alkateak, egin dute bi atarien aurkezpena, deitutako komunikabideen aurrean.

www.portugalete.org berritzea

Portugaleteko Udalaren webguneak itxura berritu du, diseinu eguneratuagoarekin, aurkezpena hobetuta eta informazioa modu antolatuagoan eskainita.

Udalaren helburua da herritarrek informazioa eskuratzeko online kanala hobetzea, modu errazean topatu dezaten gaur egungo gai garrantzitsuenen, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen eta herriko intereseko gai guztien inguruko informazioa.

Edukia lau atal handitan banatzen da: Udala, Portugaleten bizi, Portugalete ezagutu eta Gardentasuna. Webguneko atal nagusiak begiratu batean ikusteko aukera eskaintzen du, eta, horien barruan, informazioa modu argiagoan antolatu da; zenbait kasutan, informazio gehiago jarri da, Udalaren gardentasuna hobetzeko asmoz.

Ildo beretik, Portugaleteko Udalak Portugalete Zabaltzen plataforma jarri du abian; bertan, Portugaleteko bizilagunek herriari buruzko albiste gaurkotuak aurki ditzakete, eta udalerriko kudeaketan modu aktiboan parte hartu ahal izango dute, interes handieneko udal informazioa kontsultatzeaz gain.

Portugalete Zabaltzen, herritarren parte-hartzea

zabaltzen.portugalete.org gobernu irekiko gune berrian, parte-hartzeari eta gardentasunari buruzko ekintzen gaineko azken berriak ikusteko eta Portugalete Zabaltzen plataforman Udalak egiten dituen inkesta eta topaketa birtualetan iritzia emateko aukera eskaintzen da.

Portugalete Zabaltzen webgunean, gardentasun atala dago, eta, bertan, udal kudeaketako daturik garrantzitsuenak argitaratuko dira: aurrekontuak, Udalaren osaera, sailkako gastuak, udalbatzetako aktak, Antolamendu Plan Orokorra eta beste hainbeste.

Inkesten bitartez, herritarrek gaurkotasuneko gai garrantzitsuen inguruan duten iritzia zein den jakin ahal izango du Udalak. Topaketa birtualen deialdien bitartez, alkatearekin harremanetan jarri ahal izango da, eta hari zuzenean galderak egin, adierazitako egun eta orduetan. Laster, Portugaleteko alkatearekin izango den lehenengo topaketa birtualaren data eta ordua jakinaraziko dira.

Gainera, Portugalete Zabaltzen plataformaren barruan Kalezaindu-Zaindu zure hiria atala aurki daiteke; hiri-altzarietan izan daitezkeen gorabeheren eta hondatuta dauden, funtzionatzen ez duten edo hobetu daitezkeen beste elementu publikoen berri emateko tresna da. Tresna hau web bidez erabil daiteke, baina eskuko telefonoan deskargatzeko bertsioa ere badu.

Portugalete Zabaltzen telefonorako app-a

Portugalete Zabaltzen plataformak eskuko telefonorako aplikazio bat dauka, Android eta Iphonerako. Bertan, herriko azken albisteak irakur daitezke –udalaren webgunean argitaratzen direnak, hain zuzen ere-, Kalezaindu-Zaindu zure hiria erreminta eskuratu daiteke, eta, irailetik aurrera, oharrak ere jaso ahalko dira, unean bertan.

Portugalete Zabaltzen app-aren bitartez, Kalezaindu-Zaindu zure hiria erreminta erabili daiteke eskuko telefonotik. Kalezaindu baliatuz, udalerrian matxura edota kalteren bat antzeman duten erabiltzaileek zuzenean bidali dezakete oharra Udalera, telefonoa erabilita. App-ak duen geolokalizazioak gorabeheren gunea kokatzen du, eta gertatutakoaren azalpen labur batekin edota argazki batekin bidaltzen da. Ondoren, Udalak gorabehera horren bilakaeraren berri emango du, erabat konpondu arte.

Bestalde, erabiltzaileek app-aren bitartez jasoko dituzten abisuen edukiak askotarikoak izango dira: kirol-ekitaldiak, kultura, ikastaroak, jaietako egutegia, larrialdiak, matxurak, eta izena emateko edo eskaerak aurkezteko epeak. Horrela, herritarrek berehala, zuzenean eta erraz jasoko dute informazioa.

Deskargatu app-a saltokietan, "Portugalete Zabaltzen" bilatuta:

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA