BiscayTIK Fundazioa - BiscayTIK-ek joan den otsailaren 27an egindako "Euskadiko Herri Administrazioen berrikuntza eta digitalizazioa" jardunaldian parte hartu du Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren egoitzan, Revista Sociedad de la Información Digital-en eskutik

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

BiscayTIK Fundazioak otsailaren 27an egindako jardunaldian parte hartu zuen. 90 pertsonek eman zuten izena, eta Revista Sociedad de la Información Digital-eko zuzendari Carolina Sánchez aritu zen moderatzaile. BiscayTIK Fundazioko Aholkularitza eta Garapen Proiektuen buru Juanan Martín Zubiaurrek Bizkaiko Foru Aldundiaren digitalizazioaren bilakaeraren berri eman zuen, eta bere erakundean udalen bitartez lan egiten dutela azaldu zuen, eten digitala murriztu eta saihesteko.

Lehenengo mahaian, lehen hizlaria Javier Bikandi Irazabal izan zen, Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, eta administrazio elektronikoa Euskadin ezartzeko eredua zehaztu zuen. Jarraian, Blanca Díaz de Durana Uriarte Vitoria-Gasteizko Udaleko Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zuzendari nagusiak hitz egin zuen, eta 2019-2023 legegintzaldirako IKTen lan-ildo estrategikoak deskribatu zituen. Ángel Cancelo Calvo Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako arduradunak azaldu zuen nola gauzatu zuten Eusko Jaurlaritzan kontratazio-prozesu osoa.

Ondoren, enpresek hartu zuten hitza. Antonio Díaz Almagro Ibermáticako Administrazio Publiko eta Osasun zuzendaria konpainiak sektore publikorako egindako proposamenari buruz aritu zen: Sandboxdigital, berrikuntza teknologikoaren arloko probak egiteko espazio bat. Jaime del Barrio Pisón GFI taldearen Berrikuntza zuzendaria herri-administrazioen behar berriei eta ekosistema aldakorrari buruz mintzatu zen, bai eta konpainiaren proposamenari buruz ere: chatbot-ak sektore publikoan ezartzea.

Topaketaren bigarren mahaia Osakidetzako Teknologia Arloko zerbitzuburu Nicolás Gonzálezek ireki zuen, eta bere erakundean aurrera eramandako IKT proiektuak azaldu zituen, erizaintzan, medikuntza traslazionalean, ospitaleko 3D inprimaketan, elektromedikuntzako gailuen integrazioan eta pediatrian. Jarraian, Carlos Castillo Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoko teknikariak Euskal Autonomia Erkidegoko klima-aldaketaren aurkako mehatxu, ahultasun eta arriskuaren udal-indizeei buruz egin duten proiektua deskribatu zuen.

Bere aldetik, Xabier Martínez Validated ID erakundeko Territory Account Manager-ak administrazio publikorako VIDsigner soluzioa aurkeztu zuen, sinadura elektronikoak kudeatzeko sortua. Eta azkenik, Juanan Martín Zubiaurrek Bizkaiko Aldundiaren digitalizazioaren bilakaerari buruz eta BiscayTIK-ek udalei digitalizazioaren arloan atzean gera ez daitezen ematen dien beharrezko laguntzari buruz eskainitako hitzaldiaren ondoren, Manu Roibal Prieto BilbaoTIK-eko Estrategia eta Plangintza zuzendariak Bilboko Udalean aurrera eramandako IKT proiektuen berri eman zuen.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA