BiscayTIK Fundazioa - Bake Eder BiscayTIKen egoitzak Open House Getxo ekitaldian parte hartu du, eta egoitzaren ateak ireki dizkie bertara joandakoei

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Open House Bilbao arkitekturaren jaia eta ate irekien jaialdirik handiena itzuli egin da 2019an, eta oraingoan Getxo izan da berritasuna; izan ere, Barakaldorekin eta Bilborekin batera, Bizkaiko eraikinik berezienak bisitatzeko urteroko ekitaldiarekin bat egin du. OUT Arkitektura Kolektiboak antolatzen du ekitaldi hau, Open House Worldwide Familyren parte gisa, eta doako bisitak eskaintzen dira, ehun bat eraikin eta gunetara, gidari lanak era boluntarioan egiten dituztenen eskutik.

Bake Eder jauregia irekita egon zen asteburuan, larunbat eta igandean, dozenaka pertsonak hurbiletik ikus zezaten Getxoko eraikin enblematiko honen eraldaketa. Hain zuzen, Getxoren oparotasunaren sinboloetako bat da eraikina, eta urteetan utzita egon da. Sute bat ere izan zen bertan, eta, egun, Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK Fundazioaren egoitza da. Jauregi-etxe antzinako hau, birmoldaketa eta kristalezko eraikin osagarriaren eraikuntza eta guzti, Getxok azken urteetan bizi izan duen garapenaren erakusle da.

Halaber, hitzorduak balio izan zuen gehiago jakiteko Bake Eder Jauregia osatzen duen arkitektura multzoaz. Era horretan, ikusi ahal izan ziren eraikinaren lehen solairuko kristalezko gunea, etxezainaren etxea eta natura ondare aberatsa, zuhaitz handiz osatua.

Jatorrizko eraikina, Bake Eder Jauregia, Old English estilikoa, Luís Elizalde arkitekto donostiarraren obra da; horren etimologia eraikinaren xehetasun arkitektonikoez ari da, ederrak baitira. Eraikinaren lehenengo jabea, José María González Salazar, ontzigintzarekin loturiko enpresaburu Luis María Aznar Tutor (1862-1929) bigarren jabearen ezkonanaia zen. Hori zela eta, herritarren artean “Aznarren finka” bezala ezagutzen da. Bigarren jabeak Manuel M.ª Smith arkitektoari eraikina eraberritzeko enkargatu zion, 1909an, eta horrek estilo ingeleseko xehetasunak gehitu zizkion jauregiari, beste pintorekista eskandinaviar batzuekin batera. Eraikina eraberritzeko, dorre bat eta dorre moduko atal luzanga bat eraiki zituen, eta altuera itzela lortu zuenez, Areetako gainerako eraikinen artean gailendu egin zen, botere eta handikeriaren ikur gisa.

Jauregia beste behin eraberritu zen, Rafael de Garamendiren eskutik, 1942an.

Eta 80ko hamarkadan, sute baten ondorioz, bertan behera utzi zen betiko eraikina.

2001ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo artistiko izendatu zuen Bake Eder Jauregia, eta 2008an, Getxoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari laga zion, bertan BiscayTIK Ezagutza Zentroa koka zedin.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA