BiscayTIK Fundazioa - BiscayTIK-ek garatutako tresna teknologiko berri bati esker oinarrizko gizarte zerbitzuen kudeaketa hobetuko da

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Isabel Sánchez Roblesek, Gizarte Ekintzako diputatuak, eta Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, gaur goizean aurkeztu dute BiscayTIK fundazioak garatutako baliabide teknologiko berria, eta horri esker, Bizkaiko udaletako gizarte zerbitzuen funtzionamendua modernizatuko da.

"Tresna horri esker oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen eguneroko kudeaketa hobetuko da eta zerbitzuak emateko epeak murriztuko dira, kasu honetan udalen eta mankomunitateen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko informazioa modu telematikoan partekatuko baita" azpimarratu du Ibone Bengoetxea diputatuak. "Udal eskumeneko oinarrizko gizarte zerbitzuak herritarrekiko puntu hurbilena dira. Horixe da Bizkaiko gizarte zerbitzuen sistemara sartzeko atea, eta biztanleak bertara joaten dira eta udaletako edo aldundiko gizarte zerbitzuei buruzko orientazioa eta informazioa ematen zaie" gehitu du Isabel Sánchez Roblesek.

Baliabide teknologiko horretan kudeaketa hutseko alderdi oso sinpleak eta beste alderdi konplexuago batzuk daude. Funtzionaltasunei esker hauek gauzatu daitezke:

  • Fitxa soziala eta hirugarrenena kudeatzea: hirugarrenak gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten zerbitzuren batekin elkarreragina duten pertsonak dira. Baliabide honi esker hirugarren horien erroldari buruzko informazioa jaso daiteke eta beraien datuekin fitxa soziala sortu daiteke, beste izapidetze batzuen artean.
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua (EELZ): EELZ eskariak grabatu eta kudeatu daitezke, onuradunen ekarpen ekonomikoak kalkulatu daitezke, dokumentazioa sortu daiteke, aldundira etxez etxeko laguntza zerbitzuari buruzko datuak bidali daitezke eta sortutako gorabeherak kudeatu daitezke.
  • Gizarte larrialdietarako laguntzak kudeatzea: eskariak grabatu daitezke, lotutako dokumentazioa kudeatu daiteke eta txostenak sortu daitezke. Horrez gain, fitxategiak sortzen ditu Eusko Jaurlaritzara bidali beharreko datuekin.
  • Gizarte-inklusioari lotutako esku-hartze sozialen kudeaketa: mota horretako esku-hartzeak grabatzeko, kontsultatzeko eta kudeatzeko aukera ematen du. Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratzea Ebaluatzeko Tresna Tekniko Bateratuaren bidez mantentzen dira gizarte-diagnostikoak. Eta txostena Bizkaiko Foru Aldundira bidaltzen da, behar diren gainerako dokumentuekin batera, modu telematikoan.
  • Haurrei lotutako esku-hartze sozialen kudeaketa: haurrei lotuta egiten diren esku-hartze sozialak grabatzeko eta kudeatzeko aukera ematen du (esku hartzeko planen mantentzea, esku-hartzeen gaineko ekintzak, deribazio-txostenak, etab.). Arrisku-egoeren gaineko diagnostikoak ere mantentzen dira, Baloraren bitartez (EAEko adingabeen artean dauden egoera larriak baloratzeko tresna da Balora). Informazioa automatikoki bidali daiteke Bizkaiko Foru Aldundira.
  • Mendekotasuna baloratzeko eskaera: aplikazioaren bidez baloratzeko eskaera guztiak grabatu eta Bizkaiko Foru Aldundira bidaltzen dira, baita aurkezten den dokumentazio guztia ere. Aldundiak antzematen dituen gorabeherak kudeatzeko aukera ematen du aplikazioak, bere sisteman sartzen dituelako.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuen kargatzea eta kontsulta: aplikazioak egunero kargatzen du Aldundiaren informazio jakin bat, hala nola, mendekotasunaren balorazioa eta Banakako Arreta Programako (BAP) baliabideen balorazioa, prestazioak, zentroetako arreta, baztertzeari eta haurrei lotutako esku-hartze sozialak, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren preskripzio-oharrak eta ziurtagirien jaulkipena.
  • Aparkatze-txartelen kudeaketa: txartela ateratzeko, berritzeko edo lapurtu edo galdu ostean berria eskuratzeko behar diren funtzionalitateak ditu. Foru Aldundira eskaerak bidaltzeko eta horiei lotutako irizpenak jasotzeko aukera ematen du.
  • Txostenak eta estatistikak: horren bidez estatistika-txostenak egin daitezke, aplikazioan dagoen informazioa erabiliz.
  • Agendak eta hitzorduak: atal horretan hitzorduak kudeatu, langileek bata bestearen agendak ikusi eta oporrak antolatu daitezke, baina gizarte-zerbitzuetako langileen taldea kudeatzeko antzeko beste funtzionalitate batzuk ere baditu.

Tresna teknologiko hau abian jartzeak dakartzan abantailen artean honako hauek nabarmendu behar dira: izapidetze-epeak optimizatuko dira, herritarrari arinago erantzunez; profesionalen lana erraztuko da; erregistroak errazago kargatuko dira; denbora eta dirua aurreztuko dira; beharrezkoak ez diren errekerimenduak saihestuko dira, sistemak berak arazten eta egiaztatzen dituelako datuak; erakundeek informazioa berehala trukatu ahal izango dute, profesionalek (udaletakoek eta Foru Aldundikoek) datu eguneratuak dituztelako; eta datu pertsonalak kontrolatu, babestu eta modu seguruan erabiltzea bermatzen du.

"Laburbilduta, bi oinarri dira: eragingarritasuna eta eraginkortasuna. Seguru nago honen moduko alderdi hain garrantzitsuetan aurrera egiten jarraitu behar dugula, oso garrantzitsua delako paperezko dokumentazioa lekuz aldatzen alferrik galtzen den denbora murriztuz tramiteak arintzea, aurkeztu behar den dokumentazioaren bolumena gutxitzea, egin daitezkeen akatsak gutxitzea edo edozein inguruabarrengatik gizarte zerbitzuak behar dituzten pertsona guztiei ematen zaien orientazioa hobetzea", azpimarratu du Gizarte Ekintzako diputatuak.

BiscayTIKek garatu du udalentzat

Erreminta BiscayTIK Fundazioak sortu du. Fundazio honek hamar urte bete ditu Lurraldeko udalen, mankomunitateen eta toki erakundeen modernizazioaren arloan lanean, zertarako-eta administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta udalen artean eten teknologikorik ez eragiteko. Izan ere aplikazio berri hau Udal Administrazioaren Kudeatzailea deritzon plataforma baten kokatuta dago; plataforma horrek hamar erreminta ditu udalak kudeatzeko, besteak beste zergak, errolda, nominak edo erregistroa bezalako arloetan. Horiei batzen zaie orain Gizarte Zerbitzuen arloa.

"BiscayTIKek garatzen dituen aplikazioak doakoak eta seguruak dira eta langileekin beraiekin garatzen dituzte, beren beharizanei erantzun egokiena emateko. Administrazioa modernizatzen eta herritarrengana hurbiltzen laguntzen dute, eskaintzen ditugun zerbitzuen eragingarritasuna eta kalitatea hobetuz. Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu taldearen ikurretako bat da", azaldu du Bengoetxeak.

Une hauetan gizarte-zerbitzuen modulu honekin bat egin duten udalerriak 33 dira. Udalak hauek dira:

  • Arratiako Mankomunitatea, eta horren barruan daude Areatza, Artea, Arantzazu, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubidea eta Zeanuri udalak.
  • Enkaterriko Mankomunitatea, udal hauekin: Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla.
  • Uribe Kostako Mankomunitatea, udal hauek biltzen dituena: Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz.
  • Eta udal hauek: Abanto-Zierbena, Arakaldo, Arrankudiaga, Bermeo, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio.

"Bizkaiko gainerako udalerriak erreminta erabiltzera eta eskaintzen dituen abantailak aprobetxatzera animatu nahi ditugu", adierazi dute, amaitzeko, bi foru diputatuek.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA