BiscayTIK Fundazioa - BiscayTIK-ek saria lortu du III. WeGo Smart Sustainable City Awards lehiaketan

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Ekainaren 27an, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko BiscayTIK Fundazioak Zilarrezko saria lortu zuen WeGo Awards sariketako hirugarren edizioan, e-Administrazio Zerbitzuen kategorian, Errusiako Ulyanovsk eskualdean egindako WeGOren Batzar Nagusiaren barruan. Sari hauek aldian behin ematen ditu World e-Governments Organization of Cities and Local Governments erakundeak. Hirietako eta Tokiko Gobernuetako e-Gobernuen Munduko Erakundea 2010etik ari da lanean, garapen iraunkorraren sustapenaren alde, eta teknologia berrien erabileran oinarrituta.

BiscayTIK Proiektua saritu duten kategoria berean (hain zuzen ere, lurraldeko udalei eta tokiko erakundeei modernizazio-prozesuetan emandako babesagatik eta laguntzagatik saritu dute), beste hauek ere jaso dituzte sariak: Mexikoko Veracruz Estatua, Urrezko sariarekin; eta Mosku hiria, aipamen bereziarekin.

BiscayTIK-en e-Administrazio Zerbitzuen nazioarteko proiekzioa

WeGo sariek ikusgarritasuna eman nahi diete informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritutako garapen iraunkorraren sail tematiko nagusietako praktika onei.

2017an, hauek izan dira kategoriak: Hiri Irekiak, informazioaren gardentasunari eta open data delakoari balioa emanez; Gizarteratze Digitala, herritarren partaidetza eta konpromisoa nabarmenduz eta eten digitala murriztuz; Hiri Adimendun Berritzaileak, zeinaren bitartez IKT arloko aukerak saritu baitira, hiri garapenean, bai eta hondamendien, segurtasunaren, garraioen, hondakinen, energiaren, gizarte-zerbitzuen edota kulturaren kudeaketan ere; Hiri Iraunkorra, zeinaren bitartez garapen iraunkorraren helburuei eta horrek iraunkortasunean duen eraginari heltzen baitzaie; e-Administrazio Zerbitzuak, kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorrak nabarmenduz; eta Hiri Kooperatiboa, zeinaren bitartez nabarmentzen baitira hiriaren barne eta kanpo integrazioa, administrazioaren ikuspegi globala, eta hirien arteko harremanak nahiz barne-harremanak.

Sari honen bitartez, Bizkaiko toki administrazioetako e-administrazioa modernizatzeko asmoz Fundazioak egiten duen lanak nazioarteko beste aintzatespen bat jaso du, mundu osoko gobernu-ordezkarien aurrean. Era berean, WeGo erakundearen komunikazio-kanaletan ere eman dute gai honen berri, eta BiscayTIK 2017ko Hiri Adimendun Iraunkorrei buruzko Praktika Onen argitalpenean sartu dute.

Udala Zabaltzen proiektua finalista izan da Gobernu Irekiaren kategorian

BiscayTIK Fundazioak sariketa horretako Hiri Irekiak kategorian ere hartu zuen parte, Udala Zabaltzen proiektuarekin. Tokiko gobernu irekirako proiektu horrek bigarren fasera heltzea lortu du. Guztira, 5 proiektu baino ez dira heldu fase horretara, eta, beraz, finalisten zerrendan sartzea lortu du.

Udala Zabaltzen bigarren fasean sartu zen epaimahaikideen bozketa-prozesuan, sariak lortu zituzten beste proiektu batzuekin batera: Edmontongo (Kanada) Hiri Irekiaren Ekimena, Jakartako Hiri Adimendunaren Ataria eta Pittsburgheko (AEB) Burgh´s Eye View proiektuekin batera, hain zuzen ere.

Irabazleen zerrenda osoa

Audioa (MP3 1,21MB)

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA