BiscayTIK Fundazioa - Udala Zabaltzen BiscayTIK-en gobernu irekiko plataformak hazten jarraitzen du, Sondika Zabaltzen app-a sustatzeari eta Abanto Zierbenako Topaketa Birtualak abiarazteari esker

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Udala Zabaltzen atarian nobedadeak sartu dituzten azken udalak Sondika eta Abanto Zierbena izan dira, aitzindarien zerrendarekin bat eginez, Bizkaiko herritarrei gobernu irekiaren alderdi berriak hurbilarazteko.

Xabier Zubiaurrek, Sondikako alkateak, eta Alaitz Etxeandiak, BiscayTIK Fundazioko zuzendariak, Udalaren webgune berritua aurkeztu zuten otsailaren 24an, deitutako komunikabideen aurrean, baita BiscayTIK Fundazioaren eskutik Sondika Zabaltzen gobernu irekiko plataforman gehitu diren nobedadeak ere. Xabierrek azpimarratu zuen bezala, webgunearen aldaketak itxura freskotzen du, diseinu gaurkotuagoarekin, aurkezpena hobetzeko eta informazioa era antolatuagoan eskaintzeko, herritarrentzat erabilerrazagoa eta erakargarriagoa izan dadin. Halaber, lehenengo Topaketa Birtualaren berri eman zuen, apirilaren amaierarako. Bertan izango da Zubiaur, topaketarako espazio digital honetako parte-hartzaileekin hitz egiteko.

Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak, aste horretarako, otsailaren 21erako, deitu zituen komunikabideak, Abanto Zierbenako Zabaltzen lehen Topaketa Birtuala aurkezteko, BiscayTIK Fundazioko zuzendaria den Alaitz Etxeandiarekin, . Alkatearen beraren hitzetan: “Datorren ostegunean, martxoaren 2an, 12:00etatik 13:00etara, lehenengo hitzordu birtuala izango dut herritarrekin. Ordubetez, herritarrek edozein gairen inguruko galderak egin ahal izango dizkidate”: Gainera, esperientzia bi hilerik behin errepikatuko dela iragarri zen. Modu horretan, parez pare irekiko da Abanto Zierbenako Alkatetza, eta gune bat erreserbatuko da, nahi dutenek galderak, proposamenak eta erantzunak kontsultatu ahal izateko, zuzeneko topaketa amaitu ondoren. Alkateak parte hartzera animatu zituen herritarrak, eskura dituzten online komunikaziorako bitartekoak erabilita; izan ere, “herritarren partaidetzak hobetzen lagunduko digu”.

Sondika Zabaltzen

Sondikako Udalaren webguneak, edukien aurkezpena gaurkotzeaz gainera, domeinua aldatu du: www.sondika.eus. Udalaren webgunearen edukia lau atal handitan banatzen da funtsean: Udala, Zerbitzuak, Izapideak eta Ezagutu Sondika. Webguneko atal nagusiak begiratu batean ikusteko aukera eskaintzen du, eta, horien barruan, informazioa modu argiagoan antolatu da; zenbait kasutan, informazio gehiago jarri da, Udalaren gardentasuna hobetzeko asmoz. Bosgarren atalak Sondika Zabaltzen aplikazioaren gardentasun-informazioarekin egiten du lotura.

Sondika Zabaltzen plataforma Sondikako herritarren topagunea da; bertan, partaidetzako, lankidetzako eta gardentasuneko ekintzei dagozkien azken nobedadeak topatu ahal izango dira, eta Udalaren kudeaketari buruzko informazioa kontsultatu ahal izango da gardentasunaren atalean.

Ildo beretik, abian jarri dira Sondikako Topaketa Birtualak. Gune digital bat dira, interesa duten pertsonak alkatearekin harremanetan jartzeko eta zuzenean galderak egin ahal izateko, egun eta ordu zehatzetan. Sondikako lehen Topaketa Birtuala apirilaren 26an izango da, eta aldez aurretik galderak bidali ahal izango dira, hitzorduaren aurreko egunetan, Sondika Zabaltzen atariko hurrengo topaketei dagokien atalean.

Abanto Zierbena Zabaltzen

Abanto Zierbenako Udalak aurrerapausoa eman du hurbilagoa izateko, eta parez pare ireki ditu Alkatetzako ateak. Meatzaldeko udalak herritarrekin zuzenean aritzeko komunikaziorako bide berria estreinatu du: Topaketa Birtualak. Abanto Zierbena Zabaltzen plataforman, gardentasunerako eta herritarren partaidetzarako Udalaren online plataforman, nahi duenak Maite Etxebarria alkatearekin hitz egin dezake, zuzenean.

Kezkatzen gaituen edozein gairen inguruan galdetzeko eta gure intereseko edo udalerriaren intereseko galderak egiteko gune bat dira Topaketa Birtualak. Abanto Zierbenan bi hilerik behin izango dira, hilabete bakoitietako lehenengo ostegunean, goizeko eta arratsaldeko ordutegia tartekatuz, ahalik eta jende gehienak izan dezan topaketetan zuzenean parte hartzeko aukera.

Udala Zabaltzen plataformak hazten jarraitu du 2017an

BiscayTIK Fundazioak abiarazitako Udala Zabaltzen gobernu irekiko plataformak berrogeita hamar gardentasun-atari ditu dagoeneko Bizkaian, eta 15 udaletako mugikorrerako aplikazioak jarri ditu eskuragarri online dendetan.

Zifra horiek gora egiten jarraitzen dute etengabe, eta, aurreikuspenen arabera, gardentasuneko atarien eta herritarrekin telefono bidezko komunikazioa ezartzeko aplikazioen kopuruak gora egingo du apurka, hurrengo hilabeteetan.

Udala Zabaltzen atariak azken nobedadeak plazaratu ditu: Sondika Zabaltzen app-aren argitalpenaren aurkezpena; Abanto Zierbena Zabaltzen lehenengo Topaketa Birtualaren aurkezpena; Berango Zabaltzen atariaren argitalpena; arrakasta areagotzen jarraitzen duen Portugalete Zabaltzen bigarren Topaketa Birtuala, eta Ortuella Zabaltzen Topaketa Birtuala (hilerokoa eta alkatearekin harremanetan jartzeko bide berri gisa erreferentea).

BiscayTIK Fundazioak 2009tik dihardu lanean, Bizkaiko tokiko administrazioek herritarren zerbitzura dagoen teknologia puntakoena erabil dezaten. Udala Zabaltzen ekimenaren bitartez, herritarrek gobernu irekiaren esparruan dituzten beharrizanei erantzun nahi zaie: partaidetza, lankidetza eta gardentasuna.

Mugikorrerako Zabaltzen aplikazioak, dendetan eskuragarri

Dagoeneko 15 udalerrik daukate Udala Zabaltzen app-a. Mugikorrerako aplikazio bat da, eta Google Play-n (Android) eta App Store-n (iPhone) daude eskuragarri. Aplikazio horietan, udalen azken albisteak irakur daitezke (udal webguneetan argitaratzen diren albisteak), alertak berehala jaso daitezke, intereseko gaien inguruko informazioa une oro edukitzeko, eta espazio publikoak mantentzen lagundu daiteke, Kalezaindu ekimenaren bidez.

Sistema berri honen bitartez, herritarrek tokiko esparruko gaien inguruko informazioa modu erosoan jaso ahal izango dute, berehala, zuzenean eta modu errazean. Aplikazioak bilakaera-prozesuan daude etengabe; beraz, horien funtzioak aldatuz joango dira denborak aurrera egin ahala, herritarren eta administrazioaren arteko komunikazio-beharrei erantzuteko.

Egon zaitez adi zure udalerriak app-a noiz kaleratuko duen jakiteko, eta deskargatu zure intereseko udal app-ak, gaur egun dendetan eskuragarri dauden aplikazioen artean, “Zabaltzen” hitzarekin bilaketa eginez.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA