BiscayTIK Fundazioa - BiscayTIK Fundazioak Datuen Babesari buruzko IV. Jardunaldia egin du tokiko administrazioentzat

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Abenduaren 14an (asteazkena), BiscayTIK Fundaziokaren egoitzan egin da Tokiko Administrazioari eta Datuen Babesari buruzko IV. Jardunaldi Irekia, eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren (DBEB) zein Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren laguntzaz antolatu da.

Alaitz Etxeandiak, BiscayTIK Fundazioaren zuzendari nagusiak, eta Margarita Uríak, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, ongietorri-hitzak eskaini dituzte jardunaldiaren hasieran, eta, bertan, Bizkaiko tokiko administrazio eta udaletako langile eta ordezkari ugarik hartu dute parte.

Ekitaldia streamingean eman da, eta jardunaldi honetako hartzaile nagusiak izan diren tokiko administrazioek datuen babesaren arloan dituzten premiak izan dituzte eztabaidagai.

Europar Batasuneko datuen babesari buruzko araudi berria

Jardunaldiko lehenengo zatian, Europar Batasuneko datuen babesari buruzko araudi berria eta administrazio publikoen kudeaketan daukan ezarpena izan dira aztergai. Jardunaldiko bigarren zatian, ordea, DBEBk udal-arloarekin lotuta eman dituen irizpen eta ebazpen nagusiak aztertu dira.

Mahai-ingurua

Goizaren amaieran, mahai-ingurua egin da, eta, lehenengo eta behin, zenbait egun lehenago horretarako atondutako webgunearen bidez aurretiaz jasotako galderei erantzun diete bertako hizlariek. Ondoren, bertaratutakoak hasi dira galderak egiten, eta eztabaida bizia sortu da.

BiscayTIK Fundazioa

BiscayTIK Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik sortu zen, Bizkaiko udalerrietako udal-sistema informatikoak modernizatzeko eta administrazioa zein herritarrak hurbiltzeko.

Helburu hori lortzeko asmoz, BiscayTIK Fundazioa tokiko administrazioen modernizazio teknologikorako bazkidea da. Izan ere, askatasunez atxikitzeko harreman-eredua da, eta ez die inolako gasturik sorrarazten administrazioei.

Administrazioak modernizatzeko, berriztapen teknologikoa ezarri beharra dago, baina, aldi berean, ezinbestekoa da tresna horien erabileraren, datuen biltegiraketaren eta erabilera posibleen ondorioz sortutako betebeharrak zein diren jakitea.

Horretarako, Fundazioak behar besteko aholkularitza eta laguntza juridikoa eskaintzen ditu, sistema berrietan biltegiratutako informazioa behar bezala tratatzeko. Esate baterako, azken urteotan atxikitako udalekin kudeatu du fitxategiak sortzeko eta Datuak Babesteko Bulegoko erregistroetan izena emateko prozesua. Era berean, ehun bat administraziori ere lagundu die 11/2007 Legea betetzen.

Jardunaldi hau BiscayTIK Fundazioak profesional publikoak prestatzeko eta egunean jartzeko antolatutako jardueren barruan dago kokatuta, tokiko administrazioak modernizatzeko eta eguneratzeko konpromisoa duela kontuan hartuta.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA