BiscayTIK Fundazioa - Unai Rementeriak Bizkaia Goazen 2030 aurkeztu du, agintaldi honetarako 120 ekintza zehatz eta berehalakoekin

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Unai Rementeria ahaldun nagusiak Euskalduna Jauregian aurkeztu du Bizkaia Goazen 2030, Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu-plana. Berehalako ekintza-estrategia horrek 120 jarduketa barne hartzen ditu, data, inbertsio eta hartzaile zehatzekin. Datozen hamabost urteetan Bizkaia hobe bat eraikitzeko Lurraldea prestatzea du helburu. "Bizkaia Goazen 2030 Bizkaiko lehentasunekin eta etorkizun hobearekin daukagun kontratua da. Estrategia horrek Aldundiaren eguneroko lana osatuko du; dena den, Aldundiak 120 ekintza horiek baino guztiz gehiago egingo ditu, baina, nagusiki, 120 horiek dira agintaldia gure helburuetara bideratuko dutenak. Estrategia horren bitartez, eguneroko jarduera osatu eta Lurraldearen lehentasunetara bideratu nahi dugu: jarduera ekonomiko handiagoa eta kalitatezko enplegu gehiago duen Bizkaia; gizarteari eta lurraldeari dagokionez kohesionatuagoa dagoen Bizkaia, guztiontzako aukera berdinekin; munduari eta aukera globalei lotuagoa dagoen Bizkaia, eta administrazio modernoagoa, hurbilagoa eta arduradunagoa duen Bizkaia" azaldu du Rementeriak.

Abiapuntua konplexua dela aitortu du ahaldun nagusiak: "Egoera zail batetik abiatuko gara. Krisialdi ekonomiko oso sakon baten ondorioak daramatzagu arrastaka. Industria-giharra galdu dugu, 84.000 pertsona ditugu langabezian eta diru-bilketak atsekabe handia eragin digu. Baina ez dut segundo bakar bat ere galduko kolpe hori dela-eta aieneka ibiltzeko. Alderantziz, are gogorrago egingo dugu lan, energia gehiagorekin, Bizkaia hazten lagun dezaketen proiektuak, beharrezkoak ditugunak, aurrera eramateko". Rementeriak ziurtatu du egoerak "estrategia hori martxan jartzera eta lan egitera are gehiago animatzen gaituela. Hori da gure betebeharra, gizarteak gure eskutan utzi baitu Bizkaia gobernatzeko ardura, eta gobernatzea erabakiak hartzea da". Gobernuak lehenengo sei hilabeteetan hartu dituen erabaki nabarmenenak gogorarazi ditu ahaldun nagusiak: besteak beste, Estatu Batuetan eta Txilen Lurraldearentzako aukerak "bilatu eta aurkitzea"; Autzaganako tunelen kontratua deuseztatzeko erabaki "zail eta arduratsua" hartzea; oinarrizko gizarte programak berraktibatzea, edo Gardentasunari buruzko Foru Araua aurkeztea. "Erabaki garrantzitsuak hartu ditugu, baina gehien bat haziak erein ditugu, eta oso gutxi barru fruituak ikusiko ditugula espero dut" esan du.

Ekitaldian zehar Rementeriak Bizkaia Goazen 2030 planaren 120 ekintzetako batzuk nabarmendu ditu:

  • Lan-eskaintza publikoa egitea aurten, 100 lanpostu berri betetzeko.
  • Eraginkortasun-plana egitea Administrazioan, datozen lau urteetan gastu arrunta %5etik %10ra bitartean murrizteko.
  • Aldundi honek kudeatzen dituen ordainketa-bideak berdin erabiltzea sustatzen duen tarifa-politika bat ezartzea.
  • Elkarlanean programa; lurraldeko enpresen arteko partzuergo-, fusio- eta aliantza-politika bati ekiteko.
  • Energy Intelligence Center martxan jartzea, Bizkaiko energia-sektorea dinamizatzeko.
  • Enpresak nazioartera zabaltzeko 800 proiektu babestea.
  • Enkarterrin eta Busturialdean suhiltzaile-parke berriak eraikitzea.
  • Lizitazio elektronikoko proiektu pilotu bat; paperean egin beharreko administrazio-izapideak eta burokrazia murrizteko.
  • Gerediaga-Elorrio ardatza bukatzea, bai eta Ermuko saihesbidearen tarteak ere.
  • Derioko, Santo Domingoko, Arenako zubiko, Durangoko, Zallako, Usansoloko, Zornotzako, Galdakaoko, Lemoa-Zeanuriko, Sopuertako edo Bermeoko errepideak hobetzea.
  • Arreta osoa ematen duten Aldundiaren bi bulego martxan jartzea Durangaldea eta Busturialdean, 120.000 pertsonari zerbitzu emateko.
  • Berdintasun eta Bateraezintasunen foru arauak.
  • Bizkaiko biztanle helduak euskalduntzeko laguntza ekonomikoen lerro bat.

Ahaldun nagusiak adierazi du, Bizkaia Goazen 2030 estrategiari dagokionez, Bizkaiko udalen eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik joango dela Aldundia: "Ez gaude bakarrik. Etengabeko komunikazio kanala ireki dugu lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste aldundiekin. Guztiontzat onuragarriak diren proiektu bateratuetan kolaboratzeko borondatea dago. Horrez gain, estrategia hori bateragarria da Eusko Jaurlaritzaren hamalau plan estrategikoekin. Halaber, Bizkaiko alkateek gertu senti gaitzaten nahi dugu. Bizkaia bere 112 udalerrik osatzen baitute. Haien arazoak gure arazoak dira, eta gure arazoak ere haienak dira. Alderdi onak eta txarrak partekatzen ditugu. Estrategia udalekin partekatuko dugu".

Zentzu horretan, iragarri du ekimena Bizkaiko lau eskualdetan aurkeztuko duela, gizarteko ordezkariekin egingo dituen batzarretan. Baita Bizkaiko herritarrekin ere, "gure webgunean dokumentu hori edukiko dutenak, formatu elektronikoan, 120 ekintza hauekin, beraien inbertsioarekin eta burutzeko epearekin". "Hau ez da berriketa hutsa; benetako zerbait da. Bizkaiko Behatokiak konpromiso horiek guztiak betetzen direla zainduko du. Herritarren aurrean azterketa bat egingo dugu aldian behin, ageri-agerian. Prozesuen barne eta kanpo ebaluazioa egin gura dugu, gauzak nola egiten ditugun eta herritarrek nola atzematen dituzten aztertu. Bizkaiaren barometro sozial bat egingo dugu, herritarren pertzepzioa jasotzen duena, eta ardatz eta ekintza bakoitza ebaluatuko dugu, adierazle- sorta bat erabiliz. Datu horiekin guztiekin herritarren aurrean kontuak emango ditugu modu iraunkorrean, agintaldi osoan zehar. Kontu emate horri esker, denok jakin ahalko dugu zeintzuk diren hartutako konpromisoak, beraien lorpen-maila eta beraien balorazio soziala", adierazi du ahaldun nagusiak.

Rementeriak, halaber, eraginkortasunarekin dauzkan kezka eta konpromisoa aditzera eman ditu: "Horregatik, pilotu-esperientziekin funtzionatuko dugu. Funtzionatzen duenak aurrera jarraituko du; gainerakoak, ez. Sarritan, teoria eta errealitatea ez datoz bat. Guk arriskuak murriztu eta eraginkortasunez gobernatu gura dugu. Pilotu horiek, proiektuen balioa erakusteaz gain, proba-sorta bat izango dira, euren ondoko faseak hobetzen joateko".

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA