BiscayTIK Fundazioa - BiscayTIK Fundazioak eta Santurtziko Udalak abian ipini dute herri horretako turismoa sustatzeko webgunea

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 
BiscayTIK Fundazioa Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailari atxikita dago. Fundazio horrek eta Santurtziko Udalak turismo.santurtzi.net  atari digitala prestatu dute udalerri horretako turismoa eta merkataritza bultzatzeko. BiscayTIK Fundazioak turismoa eta merkataritza sustatzeko sortu duen proiektu baten barruan abiarazitako lehen web plataforma da. Badago ustea aurrerantzean Bizkaiko beste udalerri batzuek ere ekimenarekin bat egingo dutela.

Webgune berria gaur aurkeztu dute Santurtziko Ogasun eta Ekonomiaren zinegotzi Joseba Ramosek eta BiscayTIK Fundazioaren zuzendari nagusi Juan Antonio Martin Zubiaurrek. "Santurtzi da BiscayTIK-ek diseinatutako plataforma hau darabilen lehen udalerria; plataforma berria berariaz sortu da herrietako turismoa eta horren inguruko ekonomia suspertzeko", adierazi du Juan Antonio Martin Zubiaurrek. Eta gaineratu du: "tresna honen bitartez gure ondare kulturala, naturala eta gastronomikoa bultzatuko dira".

Web atari berrian zazpi atal daude; ondoko gaiei buruzko informazioa emango da: udalerriaren historia, bisita eta esperientzien proposamenak, ekitaldien agenda eta toki ikusgarriak, gastronomia, erosketak eta ostatuak. Mapa turistikoa ere badago; bertatik Santurtziko gida eta planoa deskargatu daitezke.

Turismoaren inguruko informazioa ez ezik, plataforma honek zerbitzu praktiko batzuk ere eskaintzen ditu, hain zuzen ere ibilbideak kalkulatzeko tresna bat eta erreserba-abisuak bidaltzeko sistema bat. Horiez gainera kanalak ezarri dira gizarte sare nagusietan (Facebook, Twitter eta YouTube). Informazio guztia gaztelaniaz eta euskaraz ez ezik ingelesez eta frantsesez ere agertzen da.

2008. urtean sortu zenetik BiscayTIK Fundazioa lanean ari da Bizkaiko udal, partzuergo eta mankomunitateekin haien prozesuak eta zerbitzuak teknologia berrien bidez hobetu nahian. Gaur egun, Bizkaiko 107 toki erakunde ari dira lanean BiscayTIK-ekin hainbat proiektutan: batzuk, gaurko hau esaterako, turismoa sustatzeko dira eta web plataforma baten bidez gauzatzen dira; beste alde batetik Udala Zabaltzen dago, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea xede dituena; eta faktura elektronikoen sarreren puntu orokorra ere antolatu du.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA