BiscayTIK Fundazioa - Derioko Udalak eta BiscayTIK-ek urtebeteko aurrea hartu diote Gardentasunaren Legeari

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

"Udala zabaltzen" izeneko online plataformako gardentasunaren ataria BiscayTIK fundazioak diseinatu du, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea errazteko.

Tresna azkarrak eta intuitiboak dira, administrazio lokalek herritarrei zerbitzu emateko erabiliak.

Sustapen honekin, Derioko Udalak urtebetez aurreratu du 19/2013 Legearen eskakizunei egokitzeko lana.

BiscayTIK fundazioak eta Derioko Udalak Derio Zabaltzen online plataformaren "Gardentasunaren atala" inauguratu dute. Derio Zabaltzen gardentasuna eta herritarren parte-hartzea sustatzeko plataforma bat da, Bizkaiko Foru Aldundiaren fundazio horrek garatua administrazio lokalak herritarrengana hurbiltzeko.

Sustapen horren bitartez, Deriok aurrea hartu dio 19/2013 Legeari, arau horrek 2015. urtearen amaieran ezartzen baitie epea erakunde lokalei gardentasunaren, informazio publikoren eskuragarritasunaren eta gobernu onaren eginbeharrak bete ditzaten.

Derio Zabaltzen-i esker, Derioko biztanleek beren udalaren kudeaketari buruzko datuak kontsulta ditzakete, Interneti konektaturiko edozein gailutatik. Dela gobernu-taldeari buruzko informazioa, dela erakundearen urteko kontuak, hainbat dokumentu izango dituzte kontsultatu eta deskargatzeko.

Derio, gardentasunean aitzindari

Administrazioaren gardentasuna -goraxeago aipaturiko legea onartu zenetik legezko eskakizuna izateaz gainera- gizarteak gero eta gehiago egiten duen eskaera bat da, herritarrek informazioa jasotzeko eta horretarako tresna egokiak izateko eskubidea aldarrikatzen baitute.

Testuinguru horretan, Deriok Udala Zabaltzen izeneko tresna hartu du, BiscayTIK fundazioak diseinaturiko online plataforma. Administrazio lokalek gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan dituzte beharrei erantzuteko beren-beregi pentsaturiko lanabes bat da, eta BiscayTIK fundazioak interesa duten Bizkaiko udal guztien eskura jartzen du.

Oraintsu estreinatu den "Gardentasunaren atala" Derio Zabaltzen plataformako gainerako atalei gehituko zaie orain. Besteak 2014ko ekainean jarri ziren martxan. Gardentasunari buruzko atalean, erakundeari eta haren kideei buruzko informazioa kontsultatu ahal izango dute Derioko herritarrek. Era berean, ekonomiari, finantzei eta ondareari buruzko informazioa ere topatuko dute, aurrekontuei eta urteko kontuei buruzko dokumentuak ere eskura baitaude, besteak beste.

Hemendik aurrera, deriotarrek errazago kontsultatu ahal izango dute, halaber, beste arlo batzuetako dokumentazioa: lurralde-antolamendua, kontratuak, hitzarmenak eta diru-laguntzak, edo udalerrian indarrean dagoen araudia.

Indarreko legedia betetzeaz gainera, BiscayTIK fundazioak diseinaturiko tresnak helburu jakin batzuk ditu: administrazio lokala herritarrengana hurbiltzea, izapide burokratikoak gutxitzea eta, azken finean, eskuragarriagoa egitea herritarrei udala.

Herritarren parte-hartzea eta lankidetza

Derio izan da herritarren parte-hartzea sustatzeko Udala Zabaltzen plataforma erabiltzen duen lehenengo udalerria. 2014ko ekainetik hasita, alde batetik, berriak kontsulta daitezke Derio Zabaltzen plataforman, eta, bestetik, ildo interaktiboago batean, udal ordezkariekin egiten diren topaketa birtualetan parte hartu daiteke, bai eta udalerria ukitzen duten gaurkotasuneko gaiei buruzko inkestei erantzun ere.

Kalezaindu du izena herritarren lankidetza bultzatzeko beste tresnetariko batek. Derio Zabaltzen web orriaren bitartez erabil daiteke, edo, bestela, BiscayTIKek Android-erako eta Apple-rako garatu duen aplikazioaren bitartez. Hiri-altzarietan eta beste osagai publiko batzuetan gerta litezkeen gorabeheren berri emateko balio du.

Udala Zabaltzen, beraz, teknologiak herritarren eta administrazio lokalaren zerbitzura nola jar daitezkeen erakusten duen eredu bat da. BiscayTIK fundazioak badu asmoa tresna hori lantzen jarraitzeko, funtzionaltasun gehiago eta hobeak gehitzeko eta administrazio lokalen gobernu ireki eta integraleko zerbitzu batera bideratuz lanabesa. Helburu nagusia zera da: alde batetik, gizartearen eskaera gero eta handiagoari erantzutea, eta, beste alde batetik, administrazio lokalei legedia betetzen laguntzea, kalitatezko tresnen bitartez eta emaitza ezin hobeak lortuz.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA