BiscayTIK Fundazioa - Aldundiak eta Gordexolako Udalak probak egingo dituzte herritarren parte-hartzea sustatzen duen aplikazio berri batekin

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 

Hain zuzen, Europako Live+Gov ikerketa-proiektuaren barruan egin den proba pilotu bat da; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko BiscayTIK Fundazioak parte hartzen du proiektu horretan.

Urban Planning Gordexola aplikazioak aukera ematen du udal proiektuak bozkatzeko.

Eta Gordexola erreminta hori probatuko duen Europako udalerri bakarra da. Herritarren parte-hartzea sustatzen duen erremintak errealitate areagotua eta geolokalizazioa konbinatzen ditu.

Gordexolako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako BiscayTIK Fundazioaren laguntzarekin, herritarren parte-hartzea sustatzen duen erreminta bat jarri du haien eskura. Urban Planning Gordexola aplikazioaren bidez -dagoeneko Google Play eta Apple Storen erabilgarri dago-, botoa eman daiteke Udalak eraiki nahi duen parke bio-osasungarriaren kokapena dela eta.

Hain zuzen, proba pilotuan, Gordexolako Udalak parkearen instalazioari buruz galdetzen die auzokoei. Erabilitako teknologiei esker, interesdunek ikusi ahal izango dute -smartphonearen pantailan- nola geratuko liratekeen aire zabalean kirola egiteko elementuak proposatutako bost guneetan. Ibargutxi, igerilekuak, Zubiete auzoko oinezkoentzako pasabidea, José Antonio Garay plaza (anbulatorioaren aurrean) eta hiltegi zaharraren inguruak dira bost gune horiek. Hala, parte-hartzaileek beren gogoko kokapena aukeratu ahal izango dute, planean duten interesa adierazteaz gainera.

Proposamen bakoitzak 3D eredu bat dauka, telefono mugikorrean bi formula teknologikori esker ikus daitekeena: irudien ezagutzea eta geolokalizazioa. Lehenengo kasuan -irudien ezagutzea-, gailuak automatikoki ezagutzen du aukeratutako kokalekuaren argazki bat, eta 3D eredua smartphonearen pantailan gainjartzen du. Bigarren kasuan, errealitate areagotuari eta GPSari esker, mugikorreko kamera parkeko kokalekura enfokatu behar da iradokiriko eredua pantailan ikusteko.

Gordexolako Udalak urriaren 28an aurkeztuko du aplikazioa, udalerriko kultur-aretoan. Egun horretan, zehaztuko da nola bozkatu mugikorraren bidez parke bio-osasungarrirako gogoko aukeraren alde, "Osasuna guztiontzat" jardunaldian.

Europako proiektua

Aplikazio hau BiscayTIK Fundazioak Live+Gov ikerketa-proiektu europarrean garatutako I+Gko lanaren emaitza da. Proiektu horrek Europar Batasunaren (FP7) finantziazioa dauka, eta, bertan, Alemania, Holanda, Finlandia eta Greziako beste bost erakunde gehiagok parte hartzen dute.

Live+Gov plana smartphoneak eta errealitate areagotua erabiltzen ditu herritarren eta Administrazioaren arteko elkarrizketa elektronikoa hobetzeko, zehatzago esanda, parte-hartzeko prozesuak. Eta Gordexola aplikazio hau probatuko duen Europako udalerri bakarra da. Zehazki, egiaztatuko da errealitate areagotuaren eta geolokalizazioaren konbinazio garatua benetan erabilgarria den herritarrentzat.

Kontzeptuaren proba honek balioko du erakusteko teknologia berriak bateragarriak eta erabilgarriak direla parte-hartzeko prozesuetarako. BiscayTIK Fundazioak a posteriori aplikazio hau bera erabiltzen jarraituko ez den arren (Live+Gov proiektuaren barruan baino ezin da ulertu), hartutako esperientziak balioko du etorkizunean egingo diren berezko garapenak hobetzeko.

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA