BiscayTIK Fundazioa - Aldundiak 1,9 milioi euro bideratu ditu Teknologia Berrien bidez Administrazioa herritarrei hurbiltzeko lanetara

Udaletxearen edo mankomunitatearen logoa

Albisteak

 
  • Honako diru-laguntza hau BiscayTIK Fundazioari eman zaio 2013. urterako jarduera-programa egin dezan.
  • Fundazioaren helburu nagusiak Tokiko Administrazioei behar dituzten aplikazioak hornitzea, proiektua mundu-mailako erreferentzia bihurtzea eta herritarrek e-administrazioa erabiltzea dira.

Foru Aldundiak 1.950.000 euroko diru-laguntza eman dio BiscayTIK Fundazioari Bizkaiko udalerrietan administrazio elektronikoa ezartzeko proiektua hezurmamitzea xede duten jarduerak garatzen jarrai dezan 2013. urte honetan.

Gaur egun Fundazioak dituen helburuak Lurralde Historikoko Udal-Administrazioen tresnak homogeneizatzea, Teknologia Berrien erabileraren bidez Administrazioa herritarrengana hurbiltzea eta tokiko administrazio elektronikoaren arloan Bizkaia nazioartean erreferente bihurtzea dira.

2013rako ekimenak

Diru-laguntzak BiscayTIK Fundazioak aurtengo urterako proposatu dituen xedeak lortzeko aurreikusi diren jarduerak ordainduko ditu.

Programren lehen zatia Administrazioari berari dago zuzenduta, eta Bizkaiko Toki Administrazioen % 90 baino gehiagori konponbide teknologikoak ematean datza; hori lortze aldera, beharrezko aplikazio teknologikoak hobetzeko inbertsioak egingo dira.

Bigarren zatia herritarrei dago zuzenduta; Fundazioaren helburuetako bat Bizkaitar guztiei "@bizkaia.eu" doako helbide elektroniko zerbitzua, disko gogor digital bana eta pasaporte digital bana eskaintzea da. Fundazioak zerbitzu hori mantendu nahi du, eta izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen pasaporte horri funtzio berriak gehitu nahi dizkio baita ere.

Halaber, heziketa-dinamikak egiteko asmoa ere badu, esate baterako Teknologia Berriak herritar guztiei hurbiltzeko ikastaro presentzialak. Halakoetan arreta berezia eskainiko zaie bazterkeria digitala paira dezaketen talde edo kolektiboei, adibidez, adinekoei. Gauzatu nahi den beste proiektu bat BiskayTIKen teletramitazio bulegoak sortzea da, e-administrazioaz ikasi eta dakitena sakondu nahi dutenentzat.

Programaren hirugarren zatiak Bake Eder Ezagutza Zentroa munduan erreferente bilakatzea du helburu. Hori lortze aldera, zentroan bertan zerbitzuak eskaintzen dizkie egoitza bertan duten enpresei. Horretarako ezinbestekoa da heziketa-jarduerak antolatzeko bilera-espazioak eta aretoak egokitzea. Gainera, BiscayTIK Business School ekimenaren barruan, kolektibo publiko, administrazioko kolektibo, enpresa edo profesional ezberdinei zein publiko orokorrari zuzendutako heziketa-jardunaldiak, bekak, ikastaroak, programa akademikoak… antolatu eta hartuko ditu Zentroak.

Planak ekitaldi honetarako duen azken zatian, BiscayTIK Fundazioak nazioartekotze-prozesuarekin jarraitzeko asmoa du. Horretarako hitzaldiak eta ekitaldiak garatuko ditu, ekitaldi propioak antolatuko ditu Ezagutza Zentroan eta nazioarteko lehiaketa ezberdinetan hartuko du parte. Era berean, proiektuaren ateak zabalduko dituzten zenbait ekintza planifikatu dira, esate baterako, BiscayTIKek garatutako aplikazioak sartzeko hitzarmen berriak sinatzea beste administrazio eta erakunde batzuekin.

Jatorrizko albistera esteka

 

HARREMANETARAKO

Recepcionista
HERRITARREI ARRETA
FUNTZIONARIOEI ARRETA